Bilbo

Erabateko eraldaketa.

80ko hamarkadaren amaierako industria-krisiaren ondoren, Bilbok bere burua berrasmatu behar izan zuen aurrera egin ahal izateko.

Guggenheim Museoa eta Euskalduna Kongresu Jauregia, antzinako ontziolen lurretan eraikiak, izan ziren hiriaren birmoldaketaren giltzarri. Horrela, Bilbok atzean utzi zuen bere paisaia ilun eta industriala, hiritarrentzat hiri askoz atseginagoa utziz, eta ezinbesteko helmuga bihurtu zen mundu osoko milioika turistentzat.

Alde Zaharretik paseatuz, non hiria hasieran osatzen zuten Zazpi Kaleak dauden, Bilboko gastronomiaz gozatu ahal izango dugu. Areatzako parkearen ondoan, itsasadarraren ertzean, Arriaga Antzokia dago, hiriko arkitektura bitxietako bat.

Zubia zeharkatu eta Nerbioi ibaiertzetik, garai batean ezkerraldeko trenbidea ibiltzen zen lekutik, Guggenheim Museoa eta Abandoibarra parkera ibilbidea egin dezakegu. Utzitako industrialdea izatetik, gaur egun bilbotarrek gehien erabiltzen duten berdeguneetako bat da Abandoibarra.

Arte Ederren Museoaren bilduma handia bisitatzea, Itxasmuseuma, Bilbo Handiaren ikuspegiaz gozatzeko Artxanda mendiko funikularrean igo, edo itsasadarrean zehar Abrako porturaino itsasontziz nabigatzea, Bilbon egin ditzakegun beste jarduera batzuk dira.

Informazio gehiago
Guggenheim Bilbao Museoa

Guggenheim Bilbao Museoa.

Donostia

Itsasoa, zinema, musika eta kultura.

XIX. mendearen amaieran Maria Kristina erreginak bere udako egoitza Donostiako Miramar Jauregian jartzea erabaki zuenetik, Donostia izan da Euskal Herriko helmuga turistiko handiena. Hondartzek, gastronomiak eta Kontxako badiaren edertasunak erakarrita, milaka bisitari hurbiltzen dira urtero Gipuzkoako hiriburura.

Igeldo eta Urgull mendiak, bakoitza badiaren mutur batean, hiria ikusteko talaia perfektuak dira. Bertatik, badia eta Santa Klara uhartea, Kontxako hondartza edo Alderdi Ederreko lorategien ondoan kokatua dagoen Udaletxea ikus ditzakegu.

Urgull mendiaren magalean arrantza-portua eta Donostiako Alde Zaharra daude, pintxo goxoak egiten dituzten taberna eta jatetxe ugari dituena. Pasealeku Berriak, mendia kostaldetik inguratu eta Urumea ibaiaren bokaleraino iristeko aukera ematen digu. Urumea ibaiaren ondoan Kursaal Kongresu Jauregia eta Zurriola hondartza daude.

Badiaren beste aldean, Igeldo mendiaren magalean, Haizearen Orrazia bisita dezakegu. Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Gancheguiren lanak arroka ezberdinetan ezarritako altzairuzko hiru eskulturak osatzen dute, eta, olatuek kostaldean gogor hausten duten egunetan, itsasoaren irudi hunkigarria eskaintzen digute.

Aurten 70. edizioa beteko duen Donostiako Nazioarteko Zinemaldia munduko zinemaldi garrantzitsuenetarikoa da. Zinemazaleak urtero hurbiltzen dira Maria Cristina Hoteleko alfonbra gorria zeharkatzen duten nazioarteko izar eta zuzendari ospetsuak ikustera.

Musika Hamabostaldia, Jazzaldia, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea edo Surfilm Festival, urtero egiten diren kultur ekitaldietako batzuk dira, eta, horiei esker, Donostia Europako Kultur Hiriburu izendatu zuten 2016an.

Informazio gehiago
Eduardo Chillida eta Luis Peña Gancheguiren Haizearen Orrazia.

Eduardo Chillida eta Luis Peña Gancheguiren Haizearen Orrazia.

Gasteiz

Hiriburu Berdea.

Europako Batzordeak 2012ko Europako Hiriburu Berde izendatu zuen Euskal hiriburua, garapen jasangarrian eta hiriko ingurumena hobetzeko lanean oinarritutako hiri-ereduagatik.

Lan horiek periferia birgaitzeko bidea eman zuten, gaur egun Gasteizko Eraztun Berdea osatzen duten parkeen multzo bat sortuz. Parke horien artean, Salburuako hezegunea nabarmentzen da. Osatzen duten aintzirak zeharkatzeko ibilbide ezberdinak ditu, baita bertan bizi diren hegaztiak eta ugaztunak ikusteko behatokiak ere.

Gasteizko Alde Zaharreko kaleek bisitatzeko ezinbesteko hainbat leku dute: El Portalon Erdi Aroko ostatua, Escoriaza-Esquivel eta Montehermoso jauregi errenazentistak, eta, jakina, Andra Mari Katedrala. Gazteiztarrek Katedral Zaharra izenez ezaguna, Ken Follet idazle ospetsuaren inspirazio iturri izan zen "Amaierarik gabeko mundua" eleberria idazteko..

Informazio gehiago
Salburuako hezegunea.

Salburuako hezegunea.

Urdaibai

Biosferaren erreserba.

Urdaibaiko Biosfera Erreserba Bizkaiko gune turistiko handienetakoa da. Edertasun handiko lekua da eta bertako paisaiez, hondartzez eta herrietako ondare historikoaz gozatu ahal izango dugu.

Gernikako Juntetxea, beharbada, Urdaibai inguruko multzo arkitektoniko aipagarrienetako bat da. Eraikina XIX. mendearen hasieran eraiki zen, garai batean Bizkaiko batzarrak ospatzen ziren Gernikako Arbolaren inguruan. Juntetxea doan bisitatu daiteke asteko egun guztietan, osoko bilkura dagoenean izan ezik.

EBermeoko udalerrian dago Gaztelugatxeko Donieneko haitza, eta bere tontorrean, Donieneko ermita. Bertara iristeko, mendi-hegala igotzen laguntzen diguten 200 eskailera baino gehiago igo behar dira. Bere edertasuna dela eta, Game of Thrones telesail ospetsuko eszena batzuk filmatzeko aukeratu zuten.

Mundaka mundu osoko surflariek ezagutzen dute bere ezker olatuagatik, Europako olaturik onena bezala hartzen dena. Milaka bisitari izaten ditu urtean zehar, baina ez surfagatik bakarrik. Arrantza-herri ederra da, bertako kaleetan eta portuan barrena galtzeko eta Santa Katalina puntaraino paseatzeko gonbita egiten duena. Santa Katalina ermitak mendeak daramatza itsasoaren enbatei aurre egiten. Hemendik, Gernikako itsasadarraren bokalearen ikuspegi paregabea dugu: Izaro uhartea, Laida hondartza eta Ogoño lurmuturra ikus daitezke.

Urdaibaiko padura, urtero Europa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten milaka hegazti migratzailerentzako babeslekua da. Gautegiz-Arteagan Urdaibai Bird Center ikerketa-zentrua dago, eta honek hainbat hegazti espezie bere ingurune naturalean ikusteko aukera eskeintzen duen hegazti-behatoki bat du bere baitan.

Elantxobe, Ea, Forua, Sukarrieta edota Laida, Laga edo Kanala hondartzak ezin ditugu galdu Urdaibai bisitatzen badugu.

Informazio gehiago
Gaztelugatxeko Doniene, Bermeo.

Gaztelugatxeko Doniene, Bermeo.

Arabako Errioxa

Mahastiz beteriko lurraldea.

Arabako herrialdearen hegoaldean, Ebro ibaiaren parean dago Arabako Errioxa. Bere klimari esker, leku ezin hobea da mahatsaren laborantzarako. Bertako lurrak estaltzen dituzten mahastiek kolore paregabeak ematen dizkiote paisaiari, udaberria eta udazkena bitartean izugarri aldatzen direnak.

Guardia, Arabako Errioxako hiriburua da. Herria X. mendean sortu zen, eta oraindik ere Erdi Aroko eraikin eta harresi gehienak mantentzen ditu, mendixka baten gainean eraikiak.

Arabako Errioxako herri askok, hala nola Eltziegok, Oionek edo Bastidak, ehun urtetik gorako upeltegiak dituzte beren eraikinen azpian, eta oraindik ere ardoak betiko moduan egiten dituzte bertan.

Paisaiez eta ondare historikoaz gain, eskualdeak turismo enologikoaren eskaintza zabala eskaintzen du. Bertako upeltegi ospetsu askok bisita gidatuak egiteko aukera ematen digute, bertako ardorik onenak dastatuz. Azpimarratzekoa da Eltziegoko Marques de Riscal ardoaren hiria. Bere jatorrizko upategia eta instalaziorik modernoenak bisitatu ditzakegu, Frank Gehry arkitektoak diseinatutako Marqués de Riscal Hotela baita.

Guardiatik 6 km-ra Bilar herria dago. Bere alde zaharreko eraikin monumentalez gain, herriaren kanpoaldean dauden aztarna arkeologikoengatik da ezaguna. Sorgiñaren Txabola trikuharria, 1935ean aurkitua, Arabako Errioxako handiena eta hobekien kontserbatutakoa da, baita Euskal Herriko garrantzitsuenetarikoa ere.

Informazio gehiago
Kopa bat ardo, atzean mahasti bat duela.

Ardoa da Arabako Errioxaren ezaugarri nagusia.

Getxo eta Uribe Kosta

Kostaldeko eskualdea.

Nerbioi itsasadarraen eskuinaldean kokatua, Bilbo Haundia osatzen duten herrien azkenengoa da Getxo.

Areeta auzoan, 1893. urteaz geroztik Getxo eta Portugalete lotzen dituen Bizkaia Zubia dago. Zubiak igogailu panoramiko bat eta zubia 50 metroko altueran zeharkatzeko oinezkoentzako pasabide bat ditu, Abrako badiaren ikuspegi ikusgarriaz gozatzeko.

Ereagako hondartza, Algortako Portu Zaharra eta Aixerrotako errota zaharretik Galea lurmuturreko gotorlekurainoko ibilbidea, Getxoko lekurik bisitatuenetako batzuk dira. Galeatik abiatuta, itsasertza itsaslabarren gainetik inguratzen duen pasealeku bat hasten da, eta bertatik Kantauri itsasoa ikus dezakegu. Azkorri hondartzaren ondotik igaro ondoren, Sopela udalerrira iritsiko gara, Uribe Kostako eskualdean.

Barrikako itsaslabarretatik, Meñakoz hondartzatik edota Muriola hondartzako Flyschetik bista ikusgarriak izango ditugu. Muriola, Gorlizko badia eta hondartzara begira dago. Itsasbeheran, Gorliz eta Plentziako hondartzek bat egiten dute.

Plentzia, izen bereko itsasadarraren ertzean hazitako herri txiki bat da. Itsasadarra, Plentzia eta Barrika bereizten ditu, eta Gorlizko badian itsasoratzen da. Hemen uretako hainbat jardueraz goza dezakegu, hala nola piraguismoaz, kayakaz edo paddle surfaz, edota ibilbide lasai bat eman ilunabarrean, uren hondoan lotutako txalupek osatzen duten bista polita miretsiz.

Algortako Portu Zaharra, Getxo.

Algortako Portu Zaharra, Getxo.

Esteka interesgarriak

Hurrengo esteketan leku hauei buruzko informazio gehiago aurkituko duzu.