Azoka Etxean Euskal Herriko egonaldia planifikatzen lagundu nahi dizugu. Beraz, aholku batzuk emango dizkizugu Araban zer ikusi jakiteko. Oraingo honetan, Estibalizko Santutegira joango gara.
Nola iritsi ESTIBALIZKO SANTUTEGIRA Azoka Etxeatik
- Distantzia: 59 km.
- Autoz: 50 min.
ESTIBALIZKO SANTUTEGIA
Toki gutxi da Araban, Estibalizko Santutegia bezain maitagarririk eta sinbolikorik. Bederatziehun urteren buruan, Estibalizek izan ditu urte ospetsuak eta baita beheraldiak ere, baina behin ere ez du utzi bere eginkizun jatorra bete gabe, probintziaren eta arabar guztien alde.
Oraingo elizaren sorrera, XII. mendearen erdi aldekoa da, andere Maria Lopezek, muinoaren jabeak, Santa Maria Real de Najerako (Errioxa) lekaideei Estibaliz eman zienekoa. Ordutik hasten da, denboraldi berriei egokituz, historia korapilotsu bat, eta Estibaliz eskez esku dabil: andere Maria Sarmiento eta jaun Fernan Lopez de Ayala haundizki senar-emazteak, Gasteizko Santiago ospitalea…
Azkenik, XIX. mendearen bukaeran Estibaliz utziera astun batean erori zen. Zoritxar batzuk izan ziren, adibidez, sute bat, eta poliki-poliki Estibalizko eliza ahaztua gelditu zen. Hala ere, Elizak bizirik iraun zuen lozorroan bezala bederen.
Berpizkuntza
XIX. mendearen azken aldian, Estibaliz oso egoera kaxkarrean zegoen: hamarkada batzuk baziren Elizako gurtza galdu zela, arabarrak ez zetozen gehiago erromerian, Eliza erortzear zegoen, eta gainera, errezkadan izan ziren gudateen ondoren, Ama Birjina Villafrankara eraman zuten, aski ondatua.
Muinoan “Pater” bakarrik gelditzen zen, alboko antzinako etxean bizi zen nekazari bat. Hala ere, arabar jakintsu eta agintari batzuk leku hau lehenagoratzeko zuten interesa haundia ikusirik, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala Estibalizetaz jabetu ziren.
Berritze-lanak
Ondoren berehala hasi ziren Eliza berritzeko lanak. Barruan kapitelak eta hormak garbitu ziren, eta urteetan utzita egonez eta etengabeko euriz ondatuta zeuden bobedak sendotu. Bigarren ekinaldian, “Pater-en” etxea bota baino lehen, kanpandorrera zioan eskailera eraikin borobil berezi batekin estali zuten, eta kaneziloak, harlanduak eta erlaizak garbitu ondoren, kanpai-hormaren goiko gorputz berria ere jarri zen.
Elizak alboan zuen etxea bota ondoren, bi etxe bizki egin zituzten, Iparraldekoa eta Hegoaldekoa, baita leiho erromanikoak zituen sakristi txiki bat ere. Leiho hauek, Landako herrian izan zen ermita batetik ekarriak ziren, gaur egun galduak. Eraberritze sakon honen ondoren, 1906. urtean Ama Birjina berriro Elizan ezarria izan zen.
Lehenengo erromeriak
1904. urteko urtarrilaren 9an, eguraldi onik ez izan arren eta erromeria ofizialki suspenditu zen arren, inguruetako jende asko bildu zen goizeko lehenengo orduetan Villafrankan, muinotik urbil, eta nolabait eratu zen lehenengo prozesio bat: milaka lagunek jarraitu zioten Andra Mariari, oraindik orain berritua zen elizaraino.
Handik aste batera egin zen erromeria ofizialki, lehen aina edo jende ugariago bildu zelarik. Horrela adierazi zen, Estibalizek nola berriro esnarazten zuen jendearen zaletasuna, berrogeita hamar urtez utzirik egon eta gero.
1914. urteko irailaren 27an, igandean, ospatu zen Estibalizen, santutegiaren urteroko lehenengo jaia, eta ondoren erabaki zen geroko urteetan jai hau irailaren hirugarren igandean ospatuko zela (orain irailaren bigarren igandean ospatzen da).
Egun horretan jendetza haundia bildu zen, orduko alkatea, Mascarós jauna, eta Foru Aldundiko buru zen Federico Baraibar agintariak, besteak beste.